Egiaz edo gezurraz harago, Katxonderstango Errepublika dago: deprimiturik eta oprimiturik gabeko lurraldea.

2017/07/18

Zer jarriko zenuke Porrotaren Museoan?




Suediako Helsinborg herrian ireki berri dute Porrotaren Museoa, eta bertan erabateko porrota izan diren 51 objektu jarri dituzte erakusgai. Samuel West da museoaren arduraduna, eta, objektu gehienak Ebay bidez erosi baditu ere, "badira kale ilunetan eta esku diruz ordainduta eskuratu dituenak ere", Westek aitortu duenez.

Samuel Westen arabera, porrotak ezinbestekoak dira hobetzeko eta garrantzitsuena da nork bere porrotetatik ikastea. 

Baina zein dira museoan erakusgai jarri dituzten objektuak? Hona hemen haietako batzuk:


Plastikozko bizikleta

Bizikleta normalak halako bi balio zuen, eta 80ko hamarkadan Suedian jarri zituzten salgai. Zergatik ez zuten arrakastarik izan? Garestiak izateaz gain, ez zuen batere orekarik, eta haizeak nahierara ibiltzen zituen harat-honat.

Samuel West, plastikozko bizikletarekin.


Trumpen mahai jokoa

AEBko egungo presidentea protagonista duen mahai jokoaren izena ezin trumpiarragoa da: "Itzuli naiz, eta kanporatuta zaude!". 

1989an merkaturatu zen, eta Youtuben garai hartako iragarkia aurkitu dugu:




Monopolyaren antzekoa da, baina 
billeteetan Trumpen aurpegia ageri da, eta fitxa guztiek T letra dute. Samuel Westen arabera, Monopoly ahalik eta gehien sinpletu zuten, tontorik tontoenak ere jokatu ahal izateko, eta emaitza oso-oso aspergarria da. 

Gaur egun, ez luke porroten artean egon beharko. Amazonen 89,95 dolarrean dago salgai...



Bic for her

Bic markak "bereziki emakumeentzat egokiak" ziren bolilumak merkaturatu zituen, halako argudioak erabiliz: "Karkasa meheagoa dute emakumeen hatzetara hobeto egokitzeko", "Erronbo formakoak dira horrek bat egiten duelako emakumeen estiloarekin"... 

Koloreak ere "femeninoak" dira...

Bai femeninoak direla boliluma hauek! Buf...
Argazkia Forbes webgunetik atera dut.

Bolilumak erabateko porrota izan ziren; besteak beste, Interneteko gune askotan kritika zorrotzak izan zituelako, bai Twitterren, bai bolilumak salgai jarri zituzten Amazon-en webgunean ere. 

Oiartzun handia izan zuen Ellen DeGeneresen kritika. Egin klik hemen ikusteko (ingelesez).

Harley Davidson lurrina

Ez dirudi ideia txarra marka ezagun bat beste alor batzuetara zabaltzea, baina Harley Davidsonen kasuan esperientzia ez zen batere ongi atera. Motozikleta marka ezagunak Haley Davidson izeneko lurrin eta koloniak merkaturatu zituen 1996an.





Kritika bortitzenak Harley Davidson motorren jarraitzaileek egin zituzten, eta irabazi baino galtzeko gehiago zutela ikusita berehala erretiratu zituzten lurrinak eta koloniak merkatutik. Porrotaren Museoan badu tokia. 


Ketchup berdea


Ketchup berdea merkaturatzeko arrazoia hau izan zen: haurren artean ikerketa bat egin zuten, eta ondorioztatu zuten haurrek janarietan kolore gehiago nahi zutela eta berdea zela kolorerik erakargarriena. Gainera, 2000. urtean merkaturatu zen, Schrek-en arrakastaren garaian. Nola ez zen, ba, arrakastasua izango?





Ketchup berdearekin batera, urdina, morea eta laranja ere merkaturatu zituzten. Hamaika kolore...

Baina arrakastarik ez zuen izan. Antza denez, haurrek gurasoei eskatzen zieten kolore horietako kettxupa erosteko baina gero ez zioten janariei botatzen, eta azkenean, gurasoek erosteari utzi zioten.


Kafearen zaporea zuen Coca-Cola
 
Edari energetikoak sortu zirenean, Coca-Cola Blak merkaturatu zuten: Coca-Colaren eta kafearen zaporea zituen edaria. Goizez kafearen ordez hartzeko egokia omen zen, baita esnea gustuko ez duten kafezaleentzat ere.

 

Edaria erabateko porrota izan zen, eta 2006tik 2008ra baino ez zen egon salgai. Ez ziren asko izan zapore hori gustuko izan zutenak, eta zaporea gustuko zutenek, berriz, erremedio erraza aurkitu zuten: Coca-Cola arrunta eta kafea nahastea.

Beste objektu edo asmakizun asko ere badira Porrotaren Museoan, eta pentsatzekoa da hemendik aurrera ere onartuko dituztela gehiago.

Euskal Herrian ere izango ditugu porrot egin duten produktuak... Ezagutzen duzu halakorik? Twitterren #porrota traola erabiltzen ari gara halakoen berri emateko.

"Lluvia de Bilbao" sartuko dugu porroten artean? Bilboko euriaren ura botilaratu eta salgai jarri dute... Honek izango du eroslerik?


Laster dira donostiarrak "Donostiako sirimiria" merkaturatzen.

Agian, arrakastatsua izateko, izena aldatzea nahiko da... Begira zer dioten Twitterren:





Egiaz edo gezurraz harago, Katxonderstango Errepublika dago: oprimiturik eta deprimiturik gabeko lurraldea.

Martin Kitto
 







2017/05/10

Katxonderstango Errepublikako azken bisita: Mirari Martiarena



Mirari Martiarena Oiartzun Irratiko esatari eta hedabide ugaritako kolaboratzaileak urteak pasa ditu Katxonderstango Errepublikako aduanan, bisitariei galdeketa maltzurrak egiten eta errepublikara sartzeko baimenak ematen.

Gaur Mirari bera izan da galdekatua...

... nahiz eta askok beste norbait espero zenuten:

Nola fidatzen zarete Twitterreko inkestez? Mesedez!

Elkarrizketa hemen entzun dezakezue.

Barre egitea

Ez dakit nola esango zaion barre eginez barreaz hitz egiteari... Metabarregintza? Bada, horixe egin dugu Mirarik eta biok. Ezin zitekeen bestela izan...



Santa, moja... Edo "xanta"? 

Saioan argi geratu da Mirarik harreman estua duela Eliza Katolikoarekin, baina ez daukagu argi ze toki duen Eliza Katolikoaren egituraketaren baitan. Moja al da? Santa? "Xanta"? Ze desberdintasun dago santa izatearen eta "xanta" izatearen artean?

Honatx Mirariren biografiaren atal bat, eta horri buruzko gogoeta:



Mirari zirulari 

Erlijiogintzan ez ezik musikan ere aritua da Mirari. Nork ez du gogoan Info7 Irratiko Zebrabidean saioan emandako txirula kontzertu hura?



Saio hura hemen jaitsi dezakezue.

Txirula kontzertu hark ohiartzun handia izan zuen. Berlingo Orkestra Filarmonikoak ere iritzia eman zuen. Mirariren biografo ofizialak ere jaso du pasarte hori:




Kantutegi Nazionala

Musikari jarraiki, Kantutegi Nazionalaz ere aritu gara berriketan. Kantutegi Nazionalak nahi duguna abesteari jartzen dizkion mugez ere aritu gara. "Kantatzen duen herri bat ez da inoiz hilko", baina Kantutegi Nazionalaren eraginez kantu batzuk abesterik ez badugu...

Horri buruz ari ginelarik, Mirarik Joselito ekarri du gogora:



Gaur8ko zutabeak

Mirarik hilean behin Gaur8n zutabea idazten du, eta barruko korapiloak askatzen ditu bertan. Zutabe horiek aitzakia hartuta hainbat gaiez hitz egin dugu: lodifobiaz, konplejuak gainditzeaz, konformismoaz, langileen eta nagusien arteko harremanaz...

Baina horretaz zer esan dugun jakiteko, elkarrizketa entzun beharko duzue.

Elkarrizketa osoa mp3an jaisteko edo on line entzuteko, egin klik hemen.

Agur eta umore, Mirari!  



Egiaz edo gezurraz harago, Katxonderstango Errepublika dago: oprimiturik eta deprimiturik gabeko lurraldea.

Eta horixe izan da abentura handi honen azken atala. Gainerako atalak entzungai dituzue Oiartzun Irratiaren webgunean.

Eskerrik asko saiora etorri zareten guztioi, baita saioan laguntza eman duzuen guztioi ere!

Martin Kitto
 







2017/04/06

Euskal Txiolarien arteko Buruz Buruko Lehenengo Txapelketa jokatu da Katxonderstanen



"Txapis" Otegi eta Urko Rodriguez Katxonderstango Errepublikara etorri zaizkigu. Biak sindikalistak dira. "Txapis" kamioi gidaria eta txiolari emankorra da (@Txapisotegi). Urko autobus gidaria da, eta txiolari berritsua (@SnOiD_JaUnA). 

Katxonderstanera ez dira oporretara etorri. Izan ere, zeregin ugari jarri dizkiegu:

- Euskal Txiolarien Buruz Buruko Lehenengo Txapelketa jokatzea

- Txoferrismoaren ideologia azaltzea

- Sindikalgintzaren etorkizunaz hausnartzea
 
Lortuko al zuten fundamentuzko ezer egitea? 

Elkarrizketa guztia Oiartzun Irratiaren webgunean duzu entzungai. Egin klik hemen entzuteko edo jaisteko (mp3 formatuan).

Euskal Txiolarien Buruz Buruko Lehenengo Txapelketa

Ez dakigu txapelketaren lehenengo kanporaketa edo finala izan den, eta bost axola zaigu, gainera. Biak ala biak lehiatzera etorri dira, eta norgehiagoka latza jokatu dute. Nor atera ote da irabazle?

Badakigu Urko Rodriguezek meritu handia duela finala jokatzera Katxonderstanera etorri zaigulako. Izan ere, ez dirudi gogo handirik zeukanik gurera etortzeko...


"Txapis" Otegik ere ez du meritu makala izan. Etorri egin da horrelakoak esan ondoren. Ausardia behar da, gero!


Zertan datzan txapelketa? Ba, txio bat bota eta bi txiolariek asmatu behar dute txioa euretako zeinek bota zuen. Honatx adibidea:



Nor atera ote da irabazle?  

Txoferrismoa

Zer da txoferrismoa? Txoferrismoa da bolantearen aurrean jartzean Doctor Jekyll izatetik Mister Hyde izatera pasatzea eragiten duen bat-bateko aldaketa. 

Bat datoz horrekin gure kamioi eta autobus gidariak? Ñabardurak egin dizkiote definizioari:



Sindikalgintza

Urko eta "Txapis" sindikalistak dira, eta horri buruz ere jardun dugu saioan. Nork du arazo gehien grebalariak zenbatzeko? Sindikatuek? Gobernuak? Antza denez, ez sindikatuak, ez Gobernuak. Bada zenbaketak okerrago egiten dituen beste eragile bat:



Ezusteko telefono dei bat ere izan dugu: sindiKATUEI katuzaleak izatea leporatu die entzule batek. Zer esan nahi ote zuen horrekin?

Musika

Abesti bana aukeratzeko ere eskatu diegu Urkori eta "Txapisi".

"Txapisek" hau aukeratu digu:





Urkok, berriz, beste hau:


 

Bi abestiak bat eginda, elkarrizketa surrealista sortu zaigu:

TXAPIS: Norekin hago?

URKO: Prest abduzituak izateko?  

Ezkutuko esanahirik ba ote du horrek guztiak? Erantzuna jakiteko, elkarrizketa entzun beharko duzu: egin klik hemen!


Agur eta umore, "Txapis" eta Urko!  

Plazer handia izan da zuek ezagutzea. 






Egiaz edo gezurraz harago, Katxonderstango Errepublika dago: oprimiturik eta deprimiturik gabeko lurraldea.

Martin Kitto
 







 
Gainerakoan, elkarrizketa hau gustuko izan baduzu, Oiartzun Irratiaren webgunean dituzu beste 43! Sartu hemen, eta aukeratu gustukoena(k)!